XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1845ean, ordurako ozonoa aurkitua zuelako ospetsua zen Ch. F. Schô*nbein izeneko kimikari alemanak, etxean esperimentu bat egiten ari zela, azido nitrikoaren eta azido sulfurikoaren nahaste bat isuri zuen mahai gainera nahi gabe.

Eskura beste ezer egokiagorik ez edukitzean, bere emaztearen amantala erabili zuen isuritako likidoa zurgatu eta mahaia garbitzeko.

Gero, amantala estufaren gainean jarri zuen lehortzeko.

Lehortu egin zen, baina bat-batean lehertu ere bai; eta desagertu egin zen.

Zer gertatu zen? Labur esanda, kotoizko amantalaren zelulosak erreakzionatu egin zuen azidoekin, nitrozelulosa eratuz.

Schô*nbeinek jazoera hari buruzko gogoeta egin eta laster konturatu zen zer garrantzi izan zezakeen konposatu berriak, ondorioz, bertatik abiaturik, kotoi-bolbora izenekoa lortu zuelarik.

Aurkikuntza horri esker bere garaiko kimikaririk garrantzizkoenetakoa izan zen.

Erreakzio kimikoak egitea ez da gauza berria gizakiarentzat.

Beharbada, lehenengo erreakzioa errekuntza izan zen, gizateriaren hasieratik bertatik sua aurkitu zenetik erabilia izan zena.

Geroago, metalen eta aleazioen lorkuntza lehen giza kulturen garapenarekin loturik egon zen.

Mendeetan zehar, alkimistek, kimikarien aurrekoak izan zirenek, eta kimikari modernoek elementuak aurkitu, konposatuak prestatu eta kontaezin diren hainbat eta hainbat erreakzio kimiko egin dituzte, horrela oso erabilgarri suertatu diren mota guztietako substantziak sortuz.

Baina, erreakzio kimikoak prestatzea eta burutzea, ez da soilik jakintsuen esku dagoen kontua.

Zuk zeuk ere, elementu eta konposatu asko ezagutzen dituzunez, horien arteko erreakzioak lortzea hain zaila ez dela konprobatuko duzu. Ikertzaile handien antzera, zu zeu ere sar zaitezke materiaren transformazioen mundu misteriotsuan.